|
Argazkien erakusketa birtuala
|
Amigosdelciclismo.com weg gunekook atsegin handiz aurkezten dizuegu argazkilari profesional batek gure gunean egiten duen aurreneko erakusketa birtuala; are atsegin handiagoz kontuan hartzen badugu argazkilari hori Txemi Llano dela, esperientzia soberadun eta aparteko mailakoa, zeinaren lana nazioartean ezaguna baita. Aspalditik generabiltzan txirrindularitza arloko argazkilari baten lana sarera ekartzeko asmoa, batetik oso gauza berria zelako, eta bestetik, kalitate bikaineko argazkiak erakutsi nahi genizkiolako, erraz eta eragingarri erakutsi ere, jende guztiari. Beraz, erakusketa egitea proposatu genion Txemi Llanori, berehala eman zigun baietza eta lanean hasi zen gurekin batera. Lan horren emaitza dugu, hain zuzen, "Argazkien erakusketa birtuala" hau. Bertan, argazkiak ez ezik eta kirol soilaz gaindi, gizakiak, istorioak, gertazizunak dituzue ikusgai. Dudarik ez, guk erakusketa prestatzean beste gozatuko duzue zuek ere horri begira.
JOSE MIGUEL Txemi LLANO HERNÁIZ, Barakaldon (Bizkaia) jaio zen 1963 urtean.
Txiki-txikitatik hartu zion gustua txirrindularitzari, bizikletak inguruko paisaiaren osagarri baitzituen: haren familia Barakaldoko Ciclos Baskonia dendaren jabe izanik, esan genezake etxean bertan izan ohi zituela eskualdeko txirrindulari eta ziklismozale guztiak, denda solas-leku eta elkar-gune hartuta. Garai batean, gainera, bere ziklismo taldea ere izan zuen Ciclos Baskoniak.
Aitak ziklismo federazioko hainbat kargutan jardun zuenez gero, gazte-gazterik hasi zitzaigun Txemi aitarekin batera joaten lehiaketak ikustera. Izan zuen, bada, eskualdeko hainbat txirrindulari ospetsuren hastapenak gertutik ezagutzeko aukera (Lejarreta, Gorospe, Etxabe, Gaston, etab.)
Txemi Llano Euskal Herriko Unibersitatean ikasi zuen Publizitateko lizentziatura. Argazkilari profesionala da 1987.etik aurrera. Dioenez, osaba batengandik etorri zitzaion zaletasuna, txikitan askotan ikusi baitzuen osaba zinema eta argazki kamerak erabiltzen. Baina Tintin-en komikiek ere zerikusi handia izan zuten argazkilari izateko deliberamenduan, pasio biziaz irakurtzen zituelarik buruari ematen hasi baitzen egunen batean erreportaje-egile abenturazale horietako bat izango zela. Unibertsitatean zebilela argazkilaritza zeukan denborapasa kutunena eta diru iturri ere bai. Urte haietan, dena den, txirrindularitzarekin zuen harremana zale hutsa izatean eta noizbehinka bizikletaz ibiltzean baino ez zetzan.
Ordutik aurrera Europako eta Estatu Batuetako hainbat argitalpenetan jardun du Txemik, batez ere txirrindularitza arlokoetan.
Unibertsitatean eman zuen azkeneko urtean ekin zion Espainiako Ciclismo a Fondo, aldizkarian lan egiteari. Garai hartan bizialdi laburrekoa zen artean aldizkaria, ziklismozale lagun talde baten negozio proiektu soila, baina hasia zen jada bilakatzen ezinbesteko erreferentzia bizikleta zaleentzat. Aldizkariak, hortaz, bi abantaila nagusi zeukan: batetik, Graham Watson-en argazki ikusgarriak zekartzan; eta bestetik, gaztelaniaz idatzia zen, garai hartan Miroir du Cyclisme, baitzen ziklismo zale zintzoek eskura zuten aldizkari bakarra. Ciclismo a Fondoren editore-eratzaileetako birekin (Iñaki Oria eta Ángel Toña) hitz egin ondoren, bada, enpresari atxiki zitzaion Txemi argazkilari legez, baina hasi berriko enpresa guztietan gertatu ohi den bezala, beste hainbatetan ere egokitu zitzaion jardutea: harpidetza kudeatu, telefono deiak hartu, postaz eta fakturez arduratu, etab. Aldizkarian agertu zituen aurreneko argazkiak Santillana del Mar-en (Kantabria) egindako elkarrizketa baten irudiak izan ziren; elkarrizketatua Alfonso Gutiérrez kantabriarra zen, garaiko esprinter espainiarrik onena. Ordutik aurrera, milaka bobina erabili ditu Txemik, ehunka lasterketa eta proba ikusi, txirrindulari belaunaldi bati baino gehiagori egin dizkio argazkiak eta, zer esanik ez, hamaika adiskide lortu ditu.
Llanok esku hartu du Miguel Induraini, Marinio Lejarretari, zikloturismoari eta kirol medikuntzari buruzko liburuetan. Halaber, erreportaje handiak egin ditu Europa, Amerika eta Australiako hainbat tokiren gainean. Bereganatu ditu argazkilaritza arloko mundu mailako sari garrantzitsu batzuk eta gaur egun nabarmen gailendu da publizitateko argazkilaritzan. Bere lanaz ari dela esaten digu kemenez beterik ekiten diola eguneroko zereginari, hastapenetan bezain gogotsu, batez ere ziklismo arloan baldin badihardu; horrela ez balitz, aspaldian utziko ziokeen eta beste ogibide bat izango zukeen, agian lasaiagoa baina zalantzarik gabe zirrara gutxiagokoa.
Txemi Llano Aiara-Herrin bizi da, Araban, toki benetan ederrean. Duela gutxi kaleratu du herriari buruzko liburua. Bertan hartzen du atseden munduan milaka kilometro egin ostean motor baten atzeko jezarlekuan, edo auto bateko sapaitik burua agertzen, kolore anitzeko sugearen artetik, lepoan hainbat kamera zintzilik daramala.
(Gora)
Amigosdelciclismo gunekoek aukera eskaini zidaten Ciclismo a Fondo aldizkarirako egin ditudan argazki batzuk erakusteko, eta arrazoi batengatik baino gehiagogatik ez dut aukera alferrik galdu nahi izan. Batetik, amigosdelciclismo.com gunekoek, ziklismo zaletasuna beste pizgarririk ez dutela, urteak eman dituztelako lan benetan polita egiten, zeinera, Interneti esker, esku hartu nahi duten guztiek ekar baitezakete intereseko zerbait, begiradazoa bota edo informazioa lortu besterik nahi ez badute behintzat. Denbora igaro ahala, ordea, jarduera handituz joan da eta gaur egun gunea ezinbesteko erreferentea da bizikletazaleentzat ez ezik, nabigatzaile hutsentzat ere bai.
Gauzak honela, susmatzekoa bada ere egunen batean argazkilari guztiok egingo dugula erakusketa birtualen bat, nik behintzat ez nuen horretarako asmo sendorik, amigosdelciclismo.com gunekoek proposatu arte, noski. Horrela, bada, zaharraren hautsa kendu diet argazki batzuei, behin argitara emanda artxiboan, betsarean, gogoan eta bihotzean gorde ditudan horietako batzuei hain zuzen.
Dena dela, denboraren poderioz erakusketa aldatu egingo dut, argazki asko erakutsi nahi dizuet-eta. Baditut, esaterako, errepideko lehiaketetakoak, zikloturismo eta mendiko probetan eta bizikleten frogaldietan egindakoak, bidaietan egin ditudanak, etab. Den-denak gustuko ditudanez gero, espero dut etorkizunean batzuk kendu eta bezte batzuk erakutsiz joatea, norgehiagokak ez ezik, ziklismoaren alderdi ludikoagoak ikusi nahi izango dituzuelakoan, nik ere uste dudalarik nahikoa lehian gabiltzala eguneroko bizimoduan.
Zer edo zertan hasi behar, bada, eta horra hor laurogeiko hamarkadako eta laurogei eta hamarrekoaren hasierako irudi batzuk. Jardunean erakutsiko dizkizuete txirrindulariak, zuzendari ezagunenak eta beste goi mailako pertsonaia batzuk, izerdiz blai hainbatetan, eta beste zenbaitetan, aldiz, lokatzez zikin edo odola dariela.
Ondo pasa....
Txemi Llano 2001eko ekaina
(Gora)
(Gora)
|
"Egilearen eskubideei" buruzko lege oharra |
Egileak, copyright-aren titularra denez, aurretiko baimen idatzirik eman ezean, debekaturik dago haren lana zatiz edo osoz birsortzea, edozein bide (digital edo inprimatu) erabiliz, berdin diolarik birsortzeak helburu profesionala zein pertsonala izatea. Debeku hori urratzeak indarreko legeriak ezartzen dituen zigorrak edukiko ditu.
* Euskara itzulpena: Noemi Pastor
|